
2008-07-02 | 18:06:35
Ekonomia
Jesus Mari Egurrola Txiki: "Sukaldea sufritua da, eta itsasoan gehiago"
Azkenengo hamar urteetako menuak, urtebetetze datak, harrapatutako arrain kaxak, lortutako dirua, dena bildu du Egurrolak koadernoetan, gogotik egin ere.
1967ko otsailaren 10ean atera zuen boletoa estreinako itsasora joateko Jesus Mari Egurrola Txiki-k (Ondarroa, 1952). Iaz erretiratu zen arte, baxura, pintxoa eta arrastea ezagutu ditu, kubiertan eta sukaldean, plater artean. Orain, Ongi Etorri baxura ontziko armadoreetako bat da.
Itsasoan ibili zaren urte mordoan beti egon zara sukaldeari lotuta?
Bai, bai. Urte asko egin ditut sukaldean, eta hortik aparte, kubiertan laguntzen. Ibili naiz sukaldean, bai arrastean, bai baxuran eta bai pintxoan ere.
Eta urte horietan guztietan prestatzen zenuen menua-eta koadernoetan idazten joan zara. Zelan hasi zinen horretan?
Inork ez zuen egiten, eta esan nu-en, neure frantses-euskaldunean, «txo, apunteak hartzera noa». Halantxerik hasi nintzen.
Egunero-egunero zer jaten zenuten-eta idazten...
Txarto, ondo, hortxe dago ipinita egunero-egunero zer jaten genuen, zer harrapatzen genuen, eta den-dena. Bueno, latitudeak-eta ez nituen apuntatzen, lautik hiru, patroia goian egoten zen, eta guk ere behar handia egiten genuen. Ez zidan astirik ematen dena apuntatzeko, baina gauean egiten nuen lotara joan baino lehenago apuntatu zer jaten genuen, eta biharamunean zer ipini behar nuen.
Hori egiten duena pertsona metodikoa izan behar da.
Baietz pentsatzen dut. Eta sukaldea asko gustatu behar zaizu. Sukaldea sufritua da, eta gustatu egin behar zaizu. Ez bazaizu gustatzen, ezin zara ezertan sartu.
Eta itsasoan, gainera, gaitzagoa izango da oraindik, ezta?
Bai. Nik nahiago nuke Argiñanoren moduan balitz, lehorrean egonda. Itsasoan ontzia asko mugitzen da, eta jatekoa egin behar da.
55 egun geldik egon eta itsasora ateratzeaz batera jakin eragin du Bruselak antxoaren debekua gutxienez urte amaierara arte mantenduko dela.
Itsasoa txarto ikusten dut. Eta antxoarena Bruselak esan duena, bai, etor daiteke, eta harrapa daiteke. Baina etorriko da? Horixe da benetan galdetu behar dena. Etorriko da? Ni 14 urtegaz sartu nintzenean ere, arrasteak harrapatzen zuen antxoa. Gero, ba, antxoa gehiago egongo zen, edo gehiago zaintzen genuelako bera arraina, edo ez dakit zergatik zen, baina gaur egun egoera eskas-eskasa dago.
Arazoa, gainera, antxoatik aparteago, orokorra da, ezta?
Bai, eta antxoarena ailegatu den legez, atunarena ere etorriko da. Hegaluzean sei tonako kupoa ipini digute oraintxe. Hortik aurrera ezin dugu saldu garaurik. Sei tonagaz horrek txalupok ezin dute aurrera egin. Ez duzu ordaintzen gasolioaren gutxiengorik ere, segururik ere... Bizmodu eskasa ikusten dut nik. Izan daiteke hemendik bost bat urtera egoera aldatzea... horrela, behintzat, ezin da. Neure buruan ez da sartzen hobeto joango denik.
Arraina egonda ere, gaur egun gazteak ez doaz itsasora.
Herriko jenderik ez zaizu joango itsasora, eta arrazoiagaz. Nik ere semea edukiko banu, nahiago izango nuke tailer batera joatea. Gaur egun, itsasoko gorabehera eginda dago. Ez ditugu gauza asko errespetatzen, eta...
Zeinengandik ikasi duzu zuk sukaldean?
Erakutsi ez dit inork egin. Baina beti izan dut gustukoa. Ama eduki izan dut sukaldaria. Beti begiratzen, beti begiratzen, gustatu egiten zitzaidan. Ez neukan eskolarik, eta ezin nuen, eta itsasora joan nintzen. Eskola eduki izan banu bixkat-bixkat, eta orduan gaurko aurrerapenak egon baziren, beharbada, han egongo nintzen non edo non. Batek daki.
Txiki, koadernoetako bat eskuan, portuan.
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.