Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Ondarroa
2009ko uztailak 4, Zapatua

;2008-02-02;Hezeguneen eguna. Gutxi dute ospatzeko hezeguneek, baina biharko egunez gomutan edukiko dituzte hainbat norbanakok eta erakundek; azken urteetan, ekosistema garrantzitsuak diren guneok nabarmen hondatu eta desagertu dira.

Gutxi dute ospatzeko hezeguneek, baina biharko egunez gomutan edukiko dituzte hainbat norbanakok eta erakundek; azken urteetan, ekosistema garrantzitsuak diren guneok nabarmen hondatu eta desagertu dira.

Hezeguneen eguna

leire akarregi

Nazioarteko egunez beteta dator 2008ko egutegia ere. Batzuentzako, alferrikako egunak izaten dira: «Urte osoan egin behar delako zer edo zer...». Baina aitzakia horretan erorita, egutegiko urte osoko egun guztiak berdinak bihurtzen dira. Beste batzuentzako, ostera, aldarrikatzen den hori gogora ekartzeko eta lau haizetara zabaltzeko balio dute egutegiko egun seinalatuek.

Bihar, Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Izan ere, biharko egun batean, 1971. urtean, Irango Ramsar hirian Hezeguneen Hitzarmena sinatu zen. Hitzarmen horrek berebiziko garrantzia eduki du hezeguneen mantentze eta berreskuratzean. Azken hamarkadetan, hezegune asko desagertu eta hondatu dira, gizakiak eskua sartu duelako. Euskal Herriko itsasaldeko hezeguneetan XX. mendean egindako betetze eta lehortze beharren ondorioz, paduren %50etik gora hondatu dira. Eusko Jaurlaritzako Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialaren arabera, Gipuzkoa eta Bizkaian zeuden jatorrizko hamazazpi itsasadarretatik zazpi guztiz desagertu dira; tartean, Mutrikuko Saturrarangoa.

Marea Errota eta Alleri

Bertora begira ipinita, inguruotan, itsasaldeko hezegune bi dauzkagu: Marea Errota, Mendexan; eta Alleri, Ondarroan, Nazioarteko Garrantzizko Hezeguneen Zerrenda Nagusian sartuta ez badaude ere, garrantzitsuak, biak, eta beraz, zaindu beharrekoak. Zaintzeko asmo horregaz daude sartuta, hain zuzen ere, Natura 2000, Europako sare ekologikoan. Horren arabera, Zaintze Bereziko Guneen zerrendan eta Babes Bereziko Eremuen zerrendetan daude biak ere.

Mendeetan eraldaketa itzela izan dute Marea Errotako eta Alleriko padurek. Batean zein bestean eraiki diren proiektuek izan dute eragina. Gaur egun, ostera, babestutako hezeguneok, oraindik-orain badute garrantzirik. Tamainaz txikiak izan arren, biek ere, euskal paduretan ezaugarri diren hainbat landare eta animalia gordetzen eta babesten dituzte. Landareei dagokienez, Aster tripolium, Juncus Maritimus edo Elymus pycnanthus aurki daitezke; baita bitxiagoa den Salicornia obscura ere. Landare hori, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba kontuan hartuta, berton eta Txingudin (Gipuzkoa) dago bakarrik.

Hezeguneetan ezaugarri diren hainbat animaliek ere bertoko padurak aukeratu dituzte bizileku. Aipamen berezia merezi du galtzeko arriskuan dagoen Mustela nutreolak, edo bisoi europearrak. Inguruok, gorabehera gutxikoak direnez, aproposak dira animalia mota hori gustura egoteko. Artibai ibaiaren etorria da, batez ere, bisoi europearraren gunerik aberatsenetakoa. Mundu mailan desagertzear dagoen espeziea izanda, Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan katalogatuta dago, eta berton, Artibain zehar, hain zuzen ere, asko daude. Bestetik, azkonarra, urretxindorra, uherroia, lertxuna eta beste hainbeste animalia bertoko paisaiaren parte dira. Momentuz, behintzat.

############

kontrol zorrotzak eta berreskuratze planak, beharrezkoak

Hezeguneen garrantzia ez da ez nolanahikoa. Ekoizpen biologiko handiko eremuak dira batetik, eta bestetik, uholdeei aurre egiten laguntzen dute. Mendeetan eduki duten eraldaketagaz batera, eurok desagertuz joan badira ere, badirudi, gizakien kontzientziazioa handituz joan dela, hezeguneak txikitu ahala. Horren bilakaera azpimarratu du Ondarroako Eguzki talde ekologistak. «Oraindik ere badago zer egin jendearengana ailegatzeko. Kontzientziazio gutxi badago ere, lehen, ez zegoen bat ere ez». Lan horretan erakundeek daukaten garrantzia azpimarratu dute. «Eurok izan behar dira herritarren eredu». Hezeguneen gainean jakin beharrekoa eskura dagoela dio Eguzkik, «orain, berreskuratzeko plan bat egin behar da, beranduegi izan orduko». Kostaldeko hezeguneek eraikitze proiektuen mehatxupean jarraitzen dute, eta horren jabe direla ohartarazi dute Eguzkik ez eze, bertoko gainontzeko natur taldeek ere. «Txostenak eginda daude; euren balioa zein den badakigu. Aurrera begira eurok zaintzeko plana martxan ipini behar da, gehiago eraiki barik».

############

Agenda

DEIALDIAK

Datu-basea sortzeko deialdia
ONDARROA, Ondarroan - 2009-07-01

ERAKUSKETA

Gerra Zibileko kartelen erakusketa
ONDARROA, Udal Erakusketa Aretoan - 2009-07-03

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.