
Gutunak
Eusko Jaurlaritzako sailburu bi Ondarroako portuan. Zertara?
Maiatzaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailburua eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailburua izan ditugu Ondarroan. Komunikabideen bidez jakin dugunez, sailburu biak Jaurlaritzak Ondarroako arrantza sektorea berrindartzeko esku artean dituen jarduketen eta egitasmoen berri ematera etorri ziren.
Bisitak izan lezakeen garrantzia kontuan hartuz, uste nuen hurrengo egunetan irakurriko nuela balorapen edo iritzirik. Baina egunak aurrera, eta harria geldi. Beraz, hemen natorkizue nire iritzi xumea eskaintzera.
Garraio eta Herri Lan sailburuak, konkretuki, bere sailak 2007-2012 urte Ondarroako portuan egiten ari den eta burutu nahi dituen herri lanen programa zehatza aurkeztu zien «Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeko ordezkariei zein, besteak beste, alturako eta baxurako arduradunei» (HITZA, 2008-05-27, 4. or.).
Jarduketen Programa horri begiratuz, berehala ohartu naiz bertan aipatzen diren sei jarduketen artean, hiru Artibai ibaian amaitzear dauden herri lanak direla. Artibai ibaiko herri lan horiek ez al dira bertan pantalanak ipintzeko? Pantalan hauekin ere «bultzada ederra» eman ahal izango zaio arrantza jarduerari, antza. Zein arrantza motari? «Ondarroako gizartearen eta ekonomiaren garapenaren motore izan den arrantzari?» Ala, itsasoaz gozatzeko euren txalupatxoan itsasora irtetea maite duten turistak? Edo-eta arrantza zaletasunak bultzatuta, arrantza «amateurrean» jarduten diran arrantzale jubilatuak?
Eusko Jaurlaritzako sailburuok, hurrengoan Ondarroara etortzen zaretenean, ea ez duzuen gehiago nahasten gure herri gaixo hau!
Halaber, ez dira txantxetakoak izan sailburuen bisitaren ondoren irakurri ahal izan ditugun albisteen izenburuak: «El sector pesquero de Ondarroa se reimpulsara con una inversion global de 13,2 millones de euros» (Deia, 2008-05-27, 13. or.). «Arrantza sektorea suspertzeko 2008-2012 plana aurkeztu dute portura egindako bisitan» (HITZA, 2008-05-27, 1. or.). El Correo-k ere hitzez hitz jaso zituen Herri Lan eta Garraio sailburuaren hitzak. Denek Ondarroako arrantza sektorearen berrindartzea azpimarratzen digute.
Garraio eta Herri Lan Sailak azaldutako jarduketei begiratzen badiezu banan-banan, ohartuko zara sei egitasmoetatik bi bakarrik direla benetan arrantza industriari dagozkionak: «Erreka tailerraren birgaitzea» eta alturako eta baxurako lonja berria.
Gai hau ur handietako arraina dugu. Izango al da gai hau sakonki aztertuko duen ondarrutarrik edo Ondarroako erakunde-elkarterik?
Nire aldetik, eskari xumea: egitasmo bakoitzaren norakoak eta helburuak zehatz azaltzea, egitasmo bakoitzari bere izenaz deituz. Seriotasun apur bat, mesedez, Eusko Jaurlaritzako agintariok!
Imanol Oruemazaga Baseta. Ondarroa.
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.