
kemen lertxundi ðMusikaria
«Liburua eta kantak naturaltasun osoz daude eginda, ezelako presiorik barik»
Kultura Bere disko liburuko kamiseta soinean, herriko zubirik berrienaren eta zaharrenaren artean eduki du hitzordua Lertxundik; kalean dago 'Galdutako Zubixak'.
larraitz ibaibarriaga
Gazteako zerrendan lehen postuan dago Kermen Lertxundiren (Ondarroa, 1979) Galdutako zubixak single-a. Kontzertuak-eta irailetik aurrerako lagako ditu, orain, AEBetara doa-eta oporretan. Bidaia gitarra akustiko berria erosteko ere aprobetxatuko ei du.
Zelan daroazu publiko zabalago batengana ailegatzea?
Ondo, ze ez dakit noraino ailegatu den ere. Oraingoz, inor ez zait etorri, eta ez dakit ezagutzen nauten. Nire aurpegia ez denez agertu...
Baina bai zaude harrituta hainbeste komunikabideetan-eta agertzeagaz, ezta?
Bai. Nik ez dakit zer den diskoetxe bategaz diskoa ateratzea, ez dakit zer izan beharko litzatekeen ere. Ohituta gaude Ondarroan buelta-bueltaka ibiltzen, eta deitzen dizute handik eta hemendik, eta bai, pixka bat harrituta nago.
Atzoko gabaz maketan itsasoa zegoen presente abestiz abesti. Galdutako Zubixak lanean badago horrelako lokarririk?
Beharbada, hemen pertsonen sentimenduak gehiago lantzen dira, bestean itsasoak sortzen zuen haria baino, hemen pertsonen arteko hartu-emanak izan daitezke gehi-en nabarmentzen direnak.
Beharra zergatik izendatu duzu Galdutako Zubixak?
Behar guztiari, bai poesiei eta bai kantei, izena eman dakiokeen izenburua da bera, orokorrena.
Eta olerkien izenburuak ikusita, denboraren joanari aitamena igarri-igarria da. Kasualitatea da?
Kantak eurak denbora jakin batean, une jakin batean egiten dira, eta horretxegaz oso islatuta doaz. Lehen kantatik azkenengora, tartean, gauza asko pasatu dira, eta horixe bera islatuta geratzen da gero.
Galdutako zubiek zer ezkutatzen dute: galdu diren aukerak, aprobetxatu ez direnak, pasatzen laga direnak, zer?
Laga direnak, joan direnak, nahi ez dituzunak hartu, etor daitezkeenak, galdu direnak eta topa daitezkeenak, ez dakit, izenburua nahi nuen pixka bat zabala izatea. Batzuek ikusten dute negatiboki, beste batzuek positiboki...
Bakoitzak bere momentuaren arabera, izaeraren arabera?
Bai, eta nik ere horixe nahi nuen. Izenburua aukeratzean konturatu nintzen lortzen zuela pertsona bakoitzari mezu bat transmititzea.
Orduan, zuk zeuk ere ez zenuke baikortasunagaz edo ezkortasunagaz lotuko...
Ez. Liburuan ere denetarik dago. Batzuek esaten dute: «Hemen oso gauza politak daude, oso gauza gogorrak daude...» Liburuak ere alde biak ikutzen dituenez, nahi nuen izenburuak ere biak ikutzea.
Eta liburua esanda, olerki batzuk ondarrutarrez daude idatzita eta beste batzuk batuan.
Kantak ere badaude pare bat ondarrutarrez direnak, eta beste batzuk euskara batuan direnak. Ikastolako umeak izanda, ohituta gaude batuan irakurri eta idaztera, baina beti nahi izan dut kantaren bat ondarrutarrez egitea. Orain, dexente gehiago kostatzen da ondarrutarrez errimak-eta topatzea, abiadura bat ematea... Tenporalizazioa ere ez dugu ondo eroaten... Baina polita egiten zait ondarrutarrez kantatzea.
Eta kanpokoentzat gaitz xamarra bada ere, gutxika-gutxika ondarrutarra badoa bere lekua egiten bertoko taldeen eskutik.
Geldika-geldika emanez gero jendeari, nik pentsatzen dut joango dela bere lekua egiten.
Laster ulertu-eta dena egingo gaituzte.
Bai, lehen single-a bera ere, Galdutako Zubixak, ondarrutarrez da, eta jendea gelditu da horregaz.
Lagun baten ordenagailuan grabatzetik argitaletxe bategaz diskoa ateratzera pasatu zara. Promozioan-eta izugarrizko aldea egongo da, ezta?
Bera lana egiteko orduan, nahikoa berdin funtzionatu dugu. Ez genuen egin diskoetxe batek Euskal Herrian zabaltzeko. Eginda gero, gustatu eta atera egin dute. Liburua eta kantak naturaltasun eta lasaitasun guztiagaz daude eginda, presiorik barik. Produktua handitu egingo da diskoetxeagaz, baina noraino ailega daitekeen pentsatu barik eginda dagoenez...
Eta erabakiak hartzeko orduan, askatasun osoa eduki duzu?
Dena neuk aukeratu ahal izan dut. Eurek egiten dutena da CDa irrati, egunkari, komunikabide guztietara bidali. Esaten dizute: «Guk dena egiten dugu, baina gero, produktuagaz zer pasako den... Izan daiteke denek deitzea, inork ez deitzea, irratian entzutea, ez entzutea...» Gaztea irratiak ere ez du lehen modura funtzionatzen, eta badakit Sorkuni ez ziotela single-ik ipini. Momentuz, ez doa txarto.
Alderantziz, ondo doa, ez?
Bai, nik pentsatu baino hobeto. Bueno, egia esan, ez nuen ezer esperoten, orduan...
Eta aurkezpenean zelan?
Argazkilariek esan zidaten lehen gauza izan zen, «zer, badaukazu tablarik honetan?». «Ze tabla?», pentsatu nuen nik. Altxa, jaitsi, hartu liburua... Gero, banaka hasi ziren komunikabideak nigaz elkarrizketak-eta lotzen. Bueno, ondo, nik ez dakidanez zelan izaten den, ba, ondo esan beharko [barrez].
Disko liburua eskerrak emateko ere aprobetxatu duzu.
Askotan zer edo zer egiten duzunean publiko handiari erakutsi aurretik, beti daukazu lagun bat edo beste esaten diozuna «zer begitantzen zaizu hau, kalera atera daiteke edo?»... Beti dago bat edo bat bueltaka, laguntzen dizuna...
############
DI-da batean
Abeslari bat. Laboa.
Musikari bat. Ben Harper.
Irakurri duzun azken lana. Asier Serranoren Picassoren zaldia poesian, eta Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchil? narratiban.
Diskorik kuttunena. Asko ditut.
Letrak ala doinuak ateratzen zaizkizu errazago? Erraz, ez bata ez bestea. Lehenengo musika sortzen dut, eta hark sortzen du letra.
Sormenerako leku bat. Hemengo liburuko poesia gehienak Asterrikan sortu dira.
Eta momentu bat. Gaua. Zerk inspiratzen zaitu. Zer edo zerk ikutzen zaitu noiz edo noiz, eta horretxek sortzen du txinparta. Zer da poesia? Barruan daukagun gauza asko ikutzen dituen tresna bat. Ametsetako kontzertua, non? Gustura entzungo duenarentzat, eta Bilbon, esate baterako.
############
############
############
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.